LEIRE RETEGI KONTSERBATORIOKO IKASLEAK DONOSTIARRA-MUSIKENE ORFEOI SARIA JASO DU
Leire Retegi txistulari leitzarrak, Musikenen heziak, Donostiarra-Musikene Orfeoiaren IX. Saria jaso zuen atzo, urriak 22, ikasketa amaierako lanagatik: Leitzako txistularien errepertorioa, Angel Alduntzin eta Miguel Angel Sagasetaren bidez: interpretaziotik eskuizkribuetara. Saria 20:00etan banatu zen Donostiako Orfeoiaren egoitzan.
Leire Retegi Fernández Leitzan jaio zen 2002ko apirilaren 24an. Txistu ikasketak Aralar Udal Musika Eskolan hasi zituen Javier Irigoienekin, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan jarraitu zuen Garaine Jorajuria eta Aitor Urquinarekin (gradu amaierako sariarekin), eta joan den ekainean Musikenen amaitu zituen goi mailako musika ikasketak, Aitor Amilibiaren zuzendaritzapean. Gaur egun Francisco Escudero Kontserbatorioan piano espezialitateko Gradu Profesionala egiten ari da Loreto Aramendirekin, Irakasleen Prestakuntza Masterra ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, txistu irakaslea da Soinueneako herri musika eskolan eta txistularia Leitzako Aurrera dantza taldean.
Donostiarra-Musikene Orfeoia sariak bederatzigarren edizioa du aurten, eta 2014an Orfeoiak eta Musikenek sinatutako lankidetza-hitzarmen baten emaitza da. Hitzarmen horren helburua Musikeneko ikasleen artean Euskal Herriko musika ikerketa sustatzea eta bultzatzea da.