Urriaren 31n, musikari gazteen topaketa Azpeitian

Jaialdiaren jarduera nagusiak urriaren 31n egingo dira Azpeitian. Musikari gazteak 08:45ean elkartuko dira Azpeitiko Udal Musika Bandaren egoitzan, harrera egin eta taldeak banatzeko.

Ondoren, beroketa-saioak eta talde-entseguak egingo dituzte. Hamaiketakoaren ostean, parte-hartzaile guztiak Soreasu Antzokiko agertoki nagusian elkartuko dira azken entsegua egiteko.

Goizeko jardunaldia 13:00etan amaituko da, Soreasu Antzokian eskainiko den kontzertuarekin. Bertan, musika-eskoletako ikasleek eta Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko ikasleek bat egingo dute emanaldi bateratu, berezi eta ikusgarri batean.

Parte hartzeko izen-ematea urriaren 23ra arte egongo da zabalik, honako lotura honetan:

https://labur.eus/SL_2026

Doako luthier-zerbitzua

Urriaren 31ko goizean beste zerbitzu interesgarri bat ere eskainiko da. Raúl Puentek doako luthier-zerbitzua jarriko du parte-hartzaileen eskura, musika-tresna puntuan jartzeko edo haren mantentze-lanari buruzko aholku profesionalak jasotzeko.

Doikuntzaren bat, konponketa txiki bat edo musika-tresna hobeto zaintzeko gomendioren bat behar dutenek zerbitzua baliatu ahal izango dute.

Tuba eta bonbardino masterclassa

Egun berean, goizez eta arratsaldez, tuba eta bonbardino jotzaileentzako masterclass berezia egingo da, Óscar Abella eta David Muñoz irakasleen eskutik.

Gaur egun erreferentziazko bi irakasle eta musikari dira, eta Azpeitira gerturatzen diren parte-hartzaileen zerbitzura jarriko dituzte beren esperientzia eta ezagutzak. Jardunaldian beroketa, banakako eskolak eta interpretazioaren hobekuntza landuko dira.

Masterclassean parte hartzeko prezioa 25 eurokoa da. Izen-ematea posta elektronikoz egin behar da:

tubajaialdia@gmail.com

Klarinete-laukoteen kontzertua Basazabal jauregian

Soinu Loturak jaialdiaren bigarren edizioari amaiera emateko, 18:30ean kontzertu berezi eta ikusgarria egingo da Basazabal jauregian. Gau Beltza iritsi aurretik, SbS Kvartet eta Zamacois Quartet klarinete-laukoteak izango dira protagonista.

SbS Kvartet Suedian, orkestra-munduaren inguruan antolatutako campus batean parte hartu ondoren sortu zen. Errenteria eta Zumaiako lau musikari gaztek osatzen dute taldea. Gazteak izan arren, ibilbide oparoa dute: Suedian orkestra batean jotzeko hautatuak izan dira, EIO eta EIO Txikiren hainbat ediziotan parte hartu dute, Zumaiako laukote-lehiaketan sarituak izan dira eta Gasteizko Musikari Gazteen Lehiaketan ere aitortza jaso dute.

Zamacois Quartet, berriz, Musikeneko ikasgeletan sortutako laukotea da. Taldeak Euskal Herriko, Galiziako eta Gaztela eta Leongo hainbat tokitatik etorritako musikariak biltzen ditu. Kideen musika-ibilbidean ganbera-musikak garrantzi handia izan du, eta ikasketa profesionaletan zehar mota horretako hainbat taldetan parte hartu dute. Basazabal jauregikoa urrats berezia izango da laukotearentzat, lehen aldiz eskainiko baitute elkarrekin kontzertu bat beren ikastetxetik kanpo.

Eskerrak eta gonbidapena

Soinu Loturak jaialdiak eskerrak eman nahi dizkie ekimena posible egiten duten guztiei: Azpeitiko Udalari, Azpeitiko Udal Musika Bandari, Juan de Antxieta Musika Eskolari,  Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioari , babesle eta laguntzaile guztiei, baita jardueretan parte hartuko duten musikari, irakasle eta ikusle guztiei ere.

Musika entzun, ikasi, partekatu eta elkarrekin gozatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.

 

 

https://www.google.com/maps/search/soreasu+azpeitia/@43.187218,-2.2745079,15z/data=!3m1!4b1?entry=ttu&g_ep=EgoyMDI2MTAyMC4wIKXMDSoASAFQAw%3D%3D

 

|||::
|||::