Oskar Gereñu

Oskar Gereñu

Analisia

Erretratua

       Oskar Gereñuk Jesus Mª Alberdirekin ikasi zuen Konposizioa Donostian, eta Agustí Charlesekin Zaragozan. Oso sentsibilizatuta egon da betidanik sorkuntza garaikidearen inguruan, hainbat espezializazio ikastarotan parte hartu duelarik; besteak beste, Carles Guinovart, Cristian Vogel, Joan Guinjoan, Philippe Hurel edota Carles Santos irakasleekin.

        Zinemarako musika orkestratu du (‘Visionarios’, Manuel Gutiérrez Aragón; ‘El viaje de Carol’, Imanol Uribe); musika klasikoko prentsa kritikaria izan da 90eko hamarkadan zehar; eta azkenaldion musika produkzioko eta edizio inprimatuko aholkulari lanetan dihardu, batez ere Tritó argitaletxerako.

        Hitzaldiak eman eta erreportaiak idatzi ditu musika klasikoari eta politikari buruz, bereziki III. Reichek jazarritako artisten inguruan. Venezuelako Orkestren Sistema ere sakonean aztertu du ‘Berria’ egunkarirako. ‘Nanocosmos’ —Mozambiken Orff Schulwerke bat martxan jartzeko sorturiko ekimen pedagogikoa— proiektuaren arduraduna da, bestalde.

        Gaur egun Akonpainamenduko eta Analisiko klaseak ematen ditu Donostiako Kontserbatorioan, EIMA programaren eskutik euskarazko material didaktikoaren argitalpena sustatuz. Azken zikloko ikasleekin ‘Egun on, Pyongyang’ dokumentalaren soinu-banda prestatzen ari da ‘Donostia 2016’ ekitaldien programarako.